XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ESANGO NUKE BAIETZ.

Gorputza arroxa kolorekoa eta ilea letxua bezain berdea duela esango banu, eta are gehiago, burua, oinak eta besoak direla bere gorputza, hala ere, ezin agertu izango nuke haren izaera.

Egiaz ez bait da.

Folio artean dagoen xomorroa izan, eta, honez gero, nire apunteak ikasi dituenaren susmoa ere badut.

Xomorro xelebrea.

Belarrietaraino zabaldurik aurpegian kabitu eziniko irrifarre inozoa.

Eta hor dago, nik jausitako txokoan erortzera kondenaturik.

Bai lasai, Cervantesen gainean etzanik edo eta filosofiako liburuari eusten, eror ez dadin.

Batzuetan, esango nuke badela, eta horregatik begiratzen diodan bakoitzean irrifarrea eragiten didala.

Hala ere, ikasleak ez du trapuzko xomorrei irrifarrez aritzeko eskubiderik, ez eta suspentsoak hari, leporatzerik ere.

Folioak aurrera eta atzera, izkribu urdina ulertu ezinean dabilela, nagikeriaz irratia piztutzera altxatzean, gehienekoz leku hobean jar dezake, lanpararen bonbilak kiskali ez dezan, edo eta filosofiaz burua lehertu gabe, latin apur bat ere ausnartzeko.

Gero, berriz ere, ilea berdea eta gorputza arroxa duela esan behar, eta ez dela, nik ezarritako izate absurdoa besterik ez bait du.

Porrotera kondenaturiko ilusioa besterik ez, gezurtxoa gela ilunaren ertz batean.

Mahai gainean lanpara. Okerturiko besoari izekita bonbila txapelgorriarekin.

Argi xumeak lerro batean zeharkatzen du gela, neure itzala medio.

Horman. Aulkian eserita, bizkarra makur, ukondoan mahai gainean, eta eskuak buruari eutsi ezinik.

Isiltasunean ikaslea eta xomorroa.

Ezinbestean suspirio bat.

Mahai gainean liburu lodikotea zabalik, Danba -!.

Hara: orain hertsirik dago.

Enkuadernazio beltza, eta azalean urrezko hizki dotoreak: El ingeniosos hidalgo Don Quijote de la Mancha Alboan folio zuriak eta punta zorrotzeko arkatza prest.

Aulkiaren kirrinki karranka, posturaz aldatu nahian.

Eta liburua zabalik hor aurrean, hitzez gainezka... irakurri beharraren obligazioa, ikasleak ohi dituen obligazio horietakoa....

Gauerdian, erdi-lo, eta obligazioak loturik.

Eta orain ere......... xomorro... esango banu trapu horiek bizirik badutela, horien bizia kixoterena bezain erreala dela erantzungo luke norbaitek.

Nahi gabean amaierarik gabeko pentsamenduetan galtzen naiz, eta hori ez, ez dago denborik.

Betaurrekoak sudurrean behera irristaka.

Eta bitartean Kixote badoa eta badoa bere zaldian, Santxo gizarajoa lagun, Gaztelako lurralde elkorretan zehar, eguerdiko beroaz izerditan, etsai berrien bila, Dulzinea maiteari olerkiak eginaz.

Oherakoan amak ekarritako kafea hoztu da jadanik.

Kafe hotza hartu eta gezurrak sinistu.

Horra hor neure tragedia.

Munduari beldurra.

Kixote bat naiz asfaltoan galdurik, esan zuen behin poetak.

Ezin jasan oihu zakarrik.

Ergela hi, zoroa, hilargian... Komunikazioa? Inkomunikazioa.

krudelegia da mundua.

Albokoak txiklearekin egiten duen listuhots higuingarria.

Literatura da irtenbidea.

Baina eta... zein gogaikarria den liburu bat aginduz irakurri beharra.

Ez dago ondo.

Kixote berari ere ez litzioke gustatuko.

Konturatuz gero bentura berri bat izanen luke, ezpata goian eta zaldi gainean tente halako injustiziaren kontra.

- Kixote, ez diat hire ero ibilera horietan jarraitzeko gogorik.

- Santxo, nor dugu gizaundi lotsagabe hau? Arerioa agertu da begibistan.

- Ez jauna. Hau berorren istorioa ezagutzera behartu omen dute.